Skip to content

Iparraldeko aiene indigenak

2013/01/07

[Berria – Samara Velte] Protestak antolatzen aritu da Kanadako Idle No More plataforma indigena; azkenean haiekin biltzea onartu du lehen ministroak. Lege berriek erreserbetako burujabetzaren kontra doala salatu dute natiboek.

Munduko giza garapenaren indize altuena duten herrialdeen artean, seigarrena da Kanada. Alfabetizazio maila handia dute, eta biztanleko BPGaren araberako bizi-maila altua da; batez beste, 81 urteko bizi-itxaropena dute hango biztanleek. Argazkia aldatu egiten da han bizi diren komunitate indigenetako datuak soilik enfokatuz gero: NBE Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera, herritar guztiak indigenen baldintza beretan biziko balira, giza garapenaren zerrenda horretan 48. postura jausiko litzateke Kanada, gaur egun Uruguai dagoen lekura. Izan ere, erreserbetako haurren %60 pobrezian bizi dira; bost pertsonatik batek ez du edateko urik eskura; eta bizi-itxaropen txikiena duen taldea da: batez bestekoa baino sei urte gutxiago.

XV. mendeko lehen kolonoak Kanadara helduz geroztik ostutako eskubideetako batzuk apurka eta nekez baino ez dituzte jaso bueltan. Besteak beste, erreserbetako lurren gaineko erabateko kontrola aitortzen die legediak. Duela zenbait urtetik, ordea, indigenen eremuetan esku hartzeko zirrikituak bilatzen ari da Kanadako Gobernua; eta topatzen ez baditu, egin egiten ditu. Oraintxe esku artean duen C-45 lege egitasmoak, esaterako, lur horietan proiektuak onartzeko bidea ematen du, haien oniritzirik behar izan gabe.

Natiboak haserre daude, eta protestak egiten hasi dira. Duela hiru astetik, manifestazioak antolatu dituzte Kanadako hiri nagusietan, eta hainbat trenbide eta errepide nagusi itxi dituzte. Izena ere jarri diote mugimenduari: Idle No More, inaktibitate gehiagorik ez. Interneteko sare sozialetan dute komunikatzeko oinarria; horri esker, indigena gazteak mobilizatu dituzte gehienbat, eta AEBetara, Australiara eta Zeelanda Berrira ere hasi da hedatzen aldarria.

«Onartzen ari diren lege berri hauekin guztiekin, gure akordioak eraisten ari dira», azaldu du Danny Metatawabinek, mugimenduko bozeramaileetako batek. «Gure lurrak kentzen ari zaizkigu, eta gure baliabide naturalak ustiatzen dituzten enpresentzako legeak onartzen dituzte, lider indigenei galdetu gabe».

Protestak ere badu aurpegia: Theresa Spence, 25 egun gose greban egin dituen buruzagi indigena. Abenduaren 11z geroztik Ottawan egon da, Kanadako Legebiltzarraren eraikinetik metro gutxira jarri duen oihalezko etxola tradizional batean. Stephen Harper Kanadako lehen ministroa herri indigenetako buruekin bildu arte baraualdian jarraitzeko erabakia hartua zeukan. Harperrek atzo erantzun zion eskaerari: hilaren 11n bilduko dira.

Ontario iparraldean bizi den attawapiskat tribuko buruzagia da Spence. 2011n, NBEk ohartarazi zuen komunitate horretako pertsonak baldintza larrietan bizi direla, eta Kanadako Gobernuari ardura hartzeko eskatu zion: «Attawapiskaten egoera sozial eta ekonomikoa Kanadako Lehen Nazio —komunitate indigena— askoren adierazgarri da, eta Hirugarren Mundukoekin aldera daitezke». Urte horretako azaroan, Gurutze Gorriak lagundu behar izan zien talde horretako 1.800 biztanleei, Kanadako negu gorrian ur hornidurarik gabeko etxoletan bizi zirelako. The Star kazetaren arabera, gobernuak modulu antzeko etxebizitzak jarri ditu behin-behinean 22 familiarentzat, baina gainontzekoak «batez bestekoaren azpiko egoeran» bizi dira oraindik. Attawapiskaten hezkuntzarako bideratutako diru kopurua ere ez da beste lekuetan bezain altua, eta gobernuak ez ditu zuzenean kudeatzen hango arazoak, kanpoko erakunde batek baizik.

Bilera Harperrekin

Lehen ministroa iazko urtarrilean bildu zen azkenengoz Kanadako buruzagi indigenekin. Bilerak ez zuen askorik aldatu bi aldeen arteko harremana, eta indigenek konpromiso eskean jarraitzen dute. Kanadako komunitate indigena gehien biltzen du AFN Lehen Nazioen Batzordeak, eta atzo jakinarazi zuenez, urtarrilaren 24an bilduko dira buruzagiak; Harperri «premiazko gonbidapena» bidali diote, baita David Johnston Kanadako gobernadore nagusiari ere —hark betetzen du estatuburu funtzioa—. «Indigenok kezkatuta eta frustratuta gaude hautsitako sistema honekin», adierazi du Shawn Atleo AFNko presidenteak komunikatu batean, «ez die jaramonik egiten indigenen eta Kanadako gainerako herritarren arteko desberdintasunei».

Bilera horretan, onartzear diren C-45 legeari buruz hitz egin nahi dute. Arau horrek Indian Act delakoari —indigenen eskubideak jasotzen dituen tratatuari— egingo dizkion aldaketekin, errazagoa izango da erreserbetako lurrak kanpoko erakunde eta pertsonei uztea; hala jakinarazi du Idle No More plataformak.

«Akordioetan oinarritutako harremanaren helburua bi aldeak joritzea zen, eta aberastasunak banatzea», esan du Pam Palmaterrek, Idle No Moreko kideak; «baina itun horietako kide bakarra aberastu eta joritu da». Mendeetan sinarazitako itunak dira, ezer gabe gelditzeko arriskuaren aurrean onartutako oinarri-oinarrizko eskubideak. 1905/1906ko 9. itunak, esaterako, «emandako edozer orekatzeko balio duten onurak» jasotzeko eskubidea aitortzen die indigenei. Lege berriekin, erreserbetako lurrak aiseago alokatu ahalko direla salatu dute; 160 lakutako uraren erabilerari, hezkuntza araudiari eta tribuetako antolaketa politikoari ere eragingo lieke lege horrek.

Haserrea lehenagotik eta sakonagotik dator, ordea. Gobernuak baztertu egiten dituela salatzen dute komunitate indigenek; haietako askorengana ez da behar bezalako zerbitzu sozialik iristen, eta hezkuntza arautu gabe dago. Azken hogei urteetan, 600dik gora dira desagertutako edo hildako emakume indigenak, eta ez da ikerketarik hasi. Indigenen aurkako erasoen erdiak ere epaitu gabe gelditzen dira. Idle No More plataformarentzat, «bete gabeko promesen» adierazgarri dira horiek.

80.000

Etxerik gabeko indigenak.

80.000 indigena etxebizitzarik gabe bizi dira, 200 komunitatetan ez dago ikastetxerik, eta 120k ez daukate edateko urik. Irtenbide bakarra gobernua eurekin elkarlanean aritzea dela dio Lehen Nazioen Batzarreko buru Shawn Atleok.

698.025

Indigenen populazioa.

Kanadako Gobernuak egindako azken erroldaren arabera, 698.025 indigena bizi dira bertan. 630 naziok baino gehiagok osatzen dute Lehen Nazioen Batzarra. 1980ko hamarkadara arte gobernua ez zen haiekin bildu.

25

Egunak gose greba.

Theresa Spence, Attawapiskat nazio indigenaren buruak 25 egun egin ditu gose greban, Stephen Harper Kanadako lehen ministroa nazio indigenetako buruekin elkartzeko exijituz. Bart jaso du erantzuna: Harper eta liderrak urtarrilaren 11n bilduko dira.

Tuberkulosi kasuak 31 aldiz gehiago dira indigenen artean

Lehen Nazioetako indigenek gainontzeko herritarrek baino 31 aldiz gehiago izaten dituzte tuberkulosi kasuak, 2011ko ekainean eginiko txosten baten arabera. Diabetesa ere gainontzekoek baino hiru eta bost aldiz artean gehiago izaten da. Haien ur erreserben %25ek osasunerako arrisku larria dakar.

Indigenen protesta bat, Ottawan, Kanadako Parlamentuaren aurrean, abendu amaieran.Iragan den ibilaldia abenduaren 10ean hasi zen Hego Dakotan, eta 26an amaitu Minnesotan. / BERRIABERRIA

 

Wild Westeko istorio bat

Siouxen matxinadaren ostetik, 38 indiar hil zituzten AEBek duela 150 urte; haien ondorengoek 480 kilometroko ibilaldia egiten dute urtero haien omenez.

S. Velte

Lanpetuta zegoen Abraham Lincoln AEBetako presidentea 1862. urtean: beltzen esklabotza bertan behera uzteko legea onartzekotan zebilela, iparraldeko lurrak konkistatzen eta hango tribu indigenenekin etengabe borrokan ari zen bere gobernua. Urte hartan, galdutako gerra batengatik heriotza zigorrera kondenatu zituzten Minnesotan sioux etniako 303 gizon; haien aldeko mobilizazioei kasu eginda, soilik 38 urkatzeko agindua eman zuen Lincolnek. Hala eta guztiz ere, AEBen historiako urkatze masiboena egin zuten 1862ko abenduaren 26an. 150 urte bete berri dira ordutik, baina sioux haien ondorengoek ez dituzte ahaztu: 480 kilometroko bidea egiten dute urtero, Crow Creeketik (Hego Dakota) hasi eta Mankatora, Minnesotara.

AEBen eta sioux indigenen arteko bataila hura jotzen da geroko gatazken hasieratzat. 1851ko akordio baten bidez, siouxek Minnesotan zituzten lurrak saldu behar izan zizkioten AEBetako administrazioari; denera, 14 milioi hektarea. Minnesota ibaiaren alde banatara hamasei bat kilometroko lur eremua jaso zuten trukean, baita urtero dirua eta hornidura jasotzeko promesa ere.

Gutxira, gobernua murrizten hasi zen indiarrei utzitako erreserbaren eremua, euren beharrak asetzeko nahikoa lurrik ez uzteraino. 1862ko abuzturako, administrazioaren menpe zegoen tribua, uzta txar batek eta berandututako ordainketek eragindako gabeziekin larri. Janaria erreserbatik kanpo bilatzeari ekin zioten.

Irteera horietako batean, lau gerlari siouxek bost kolono zuri hil zituzten. Horren ostean, Dakotako gerra izenarekin ezagutzen dena hasi zen: AEBetako datuen arabera, bi hilabetean ehunka kolono eta soldadu hil ziren, baita 500 eta 800 zibil artean ere. Hildako indigenen daturik ez dute eman.

Gatazka amaitutakoan, 4.000 indiar atxiki zituzten, gerran borrokatu ziren edo ez kontuan izan gabe. Sei aste geroago, auzitegi militarretara eraman zituzten 392 preso. Hilketak eta bortxaketak egotzita, heriotza zigorra jarri zieten haietako 303ri, zenbait kasutan bost minutu ere iraun ez zuen epaiketa eginda.

Horrek protestak eragin zituen AEBetako beste lekuetan; Minnesotako Eliza episkopaleko gotzainak Lincolnengana jo zuen, indiarrei barka ziezaien. Hark irizpidea aldatzeko agindu zuen: soilik zibilak hiltzeagatik eta bortxatzeagatik kondenatutakoak urkatuko zituzten.

Etnia horretako 1.700 zibil Minnesotako atxilotze zentro batera eraman zituzten; negu hartan, haietako 300 hil ziren han. Gainontzekoak Hego Dakotan erbesteratu ziren, Crow Creek herrian.

Ordutik, Minnesotara bueltatzen aritu dira siouxak; urtero, zaldiz egiten dute jatorrizko lurralderako bidea. Iragan den aldian, abenduaren 10ean abiatu ziren Crow Creeketik, eta 26an heldu ziren Mankatora. Vanessa Goodthunder da haietako bat: «Gure arbasoak etxera ekartzen ari gara».

 

ESANA. SHAWN ATLEO. Lehen Nazioen Batzarreko burua

«’Gobernuak hobeto daki’ dioen eredu honek duela ehun urteko Indiar Legedira bueltatuko gaitu»

 

C-45 legea onartze bidean da, indigenek arbuiatu arren

Joan den astean Kanadako Parlamentuko Komunen Ganberak onartu egin zuen C-45 lege proiektua, eta senatuari igorri. Hark onartuz gero, akordioa lehen ministroak sinatzea baino ez da faltako legea indarrean sartzeko. Indigenek arbuiatu egiten dute legea; izan ere, lege bakarraren bidez hainbat aldaketa txertatu nahi ditu Kanadako Gobernuak. Besteak beste, Indian Act eta natiboen arrantza eremuak aldatuko ditu. Lehen Nazioen Batzarraren arabera, gobernuak konstituzioak babesten dituen indigenen trataera eskubideak urratzen ditu, baita Nazio Batuen Erakundearen Herri Indigenen Eskubideen Aitorpena ere. Aldaketak herri horien onarpenarekin egin behar direla adierazten da bertan. C-45 delako lege proposamenak Ur Nabigagarrien Legediari ere eragingo dio. Horrek bi milioi ibai eta aintzira babesten ditu orain arte nabigazio kaltegarrietatik. Onartuz gero, kopuru hori 159 ibai eta aintziratara soilik mugatuko da. Lehen Nazioek salatzen dute bizi diren lekuetan garapen suntsigarria bultzatuko duela. Kezka agertu dute, egunerokotasuna baldintzatuko dielako.

 

No comments yet

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: