Skip to content

Israel… berriro ere

2012/12/03

[Patricia Lezama eta Igor Olabarrieta (Euskal Herria Palestina SareaKomite Internazionalistak)] Israelek erailketak egin ditu Gazan, berriro ere. Izan ere, sionismoak Palestinako lurraldea okupatu zuenetik, nazioarteko komunitatearen konplizitatearekin, Israelek erasoak eta erailketak egin ditu etengabe. Berriro ere bihotza txikitu egiten zaigu irudiak ikustean, eta bertako informazioa neutralitate faltsutik eta distantziakidetasunetik ematen dela ikustean amorruz betetzen gara. Gehienetan lubakiaren bi aldeetan sufrimendu bera eragiten duten bi armada parekoren arteko gatazka balitz bezala aurkezten zaigu sarraskia, baina hori gezurra dela adierazten dute zenbakiek. Palestinak 64 urte baino gehiago daramatza okupazio sionistari aurre egiten, nola edo hala munduan armarik onenak izateaz gain, puntu-puntako teknologia eta nazioarteko potentzien laguntza duen armadari aurre egiten dio. Berriz ere Gazan sarraskia eragin duten teknologia eta armak estatu espainiarrak salduta eta gugandik hurbil ekoitziak izan dira. 2011n estatu espainiarrak Israeli lehergaiez, hegazkinez eta osagai elektronikoz hornitzeko salmenta baimendu zuen (10,5 milioi euro baino gehiago guztira). Israelekiko merkataritza-akordioen ardura duten politikariek eta armak ekoizten dituzten enpresek ere (gugandik hurbil daudenak) sarraski honen arduradun sentitu behar dute.


Basakeria sionistaren aurka gure amorrua kaleratu dugu berriro ere. Eta berriro bidali diogu herri palestinarrari gure adorea eta elkartasuna, eta era berean, erotasun hau gelditzeko hemendik zer egin dezakegun galdetu diogu geure buruari. Palestinatik aspaldi erantzun zioten galdera horri. 2005ean, Palestinako gizarte zibilak boikot, desinbertsio eta zigorrak (BDZ) ekimenarekin bat egiteko deialdia zabaldu zuen nazioartean, Israelek nazioarteko zuzenbideak dioena bete dezan: 1967an okupatutako lurralde arabiar guztien kolonizazioa eta harresia bertan behera uztea, Israelen bizi diren herritar arabiar eta palestinarren oinarrizko eskubideak berdintasunez onartzea eta Errefuxiatuei Nazio Batuen Erakundearen 194. ebazpenak onartzen dien herriratzeko eta jabegoak berreskuratzeko eskubideak errespetatzea, babestea eta sustatzea. Hortxe dugu Euskal Herritik Palestinaren alde zerbait egiteko aukera ezin hobea. Hasiera batean pentsa genezakeen baino hedatuago dugu Israel gure artean. UPV/EHUko sail batzuek ikerketa proiektuak partekatzen dituzte erakunde israeldarrekin batera. Ikerketa + Garapeneko zenbait enpresak (Zamudioko Teknologia parkean dauden batzuk, esaterako) lankidetza eta ikerketa proiektuak dituzte enpresa israeldarrekin batera. 2011ko abenduan SPRI eta Gasteizko Parlamentuko ordezkaritza batek Israelgo zenbait enpresa eta unibertsitate bisitatu zuen (ez dakigu bisita hori etorkizunean Israelekin lankidetzak sustatzeko oinarria izan daitekeen edo lankidetzaren bat martxan ote dagoen). Eroski supermerkatuetan jatorri israeldarra duten produktuak saltzen dituzte. Imaginarium eta Toys ‘R’ Us dendetan Israelen ekoitzitako jostailuak aurki ditzakegu. Sarritan Euskal Herriko erakunde publikoek egiten duten programazio kulturalean artista israeldarrak agertzen zaizkigu, esaterako, Noa abeslari israeldarra, 2008an Israelgo armadak Gazan egin zuen sarraskiaren alde publikoki eta ozen agertu zena hain zuzen ere. Futbol eta saskibaloi talde euskaldunek (Athleticek, Bilbao Basketek edota Baskoniak) talde israeldarren aurka jokatu dituzte partidak inolako eragozpenik gabe, hori bai, Palestinarekin elkartasuna adierazi nahi izan dugunok poliziaren «adeitasuna» ezagutu dugu, eta isun ikaragarriak jaso ditugu.

Israelgo gobernuak Israeldik datorren edozein lankidetza edo ekitaldi kultural eta artistiko erabiltzen du normaltasun-egoera faltsuaren berme gisa. Horrela, Israelgo erakunde publiko zein pribatuekin mantendutako edozein lankidetza Israelgo gobernuak Palestinan aplikatzen duen okupazio —eta apartheid— politikari zilegitasuna emateko erabiltzen da. Hortaz, Euskal Herriko ordezkari politikoei eta erakunde publiko zein pribatuei BDZ kanpainarekin bat egiteko exijitu beharrean gaude. Israelek nazioarteko zuzenbidea eta Palestinari herri gisa dagozkion eskubideak errespetatzen ez dituen artean, Israelekin dituzten harremanak bertan behera utzi eta etorkizunean horrelakorik gerta ez dadin neurriak har ditzatela eskatu behar diegu. Hori da hain zuzen ere Palestinatik eskatzen digutena, eta hori da Gazako sarraskia eta Palestinak jasaten duen okupazioa, genozidioa eta apartheid-a geldiarazteko hemendik egin dezakeguna.

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-11-28/006/002/israel_berriro_ere.htm

Gazteleraz, GARAn: http://gara.naiz.info/paperezkoa/20121203/375860/es/Israeluna-vez-mas

No comments yet

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: