Skip to content

Mumia Abu-Jamal, 30 urte

2011/12/10

[GARA – Euskal Herriko Mumiaren Lagunak] Negu Gorriak taldearen «Radio Rahim» abestian entzuten genituen beltzen askapenerako mugimenduaren bi oinarriak: «batzutan amodioarekin, bestetan, aldiz, gorrotoarekin». Spike Leeren filmeko Love & Hate harremana dugu hain zuzen ere, bata Martin Luther Kingek ordezkatua, eta bestea, aldiz, Malcolm Xk.

Gaur 30 urte bete dira Mumia Abu-Jamal kazetari iraultzailea atxilotu, espetxeratu eta heriotzara zigortu zutenetik. Mumiak Malcolm Xren bidea hartu zuelako 30 urtez bizi du heriotzaren korridorearen egunerokotasun beldurgarria. Baina nor ote da Mumia Abu-Jamal?

Mumia, 60ko hamarkadan, beste milaka beltz gazte askok bezala, AEBetako instituzio arrazisten jazarpenaz nazkaturik, Pantera Beltzen Alderdiko militante izan zen. Martin Luther Kingen eskubide zibilen aldeko mugimenduaren eraginkortasuna zalantzan jartzen zutenekin bat egin zuen, Malcolm Xren autodefentsarako biolentziarako eskubide legitimoaren ideia bere egiten zuten Panterekin elkartu zen, eta borroka antikolonialista eginez AEBetako Gobernu inperialistarentzat mehatxu handia izan ziren. Hori zela eta, FBIk errotik moztu zuen beltzen askapenerako mugimendu iraultzaile oro, muntaia polizialez jositako sarekaden edota erailketen bidez. Baina Mumiak bere kazetaritza kritikoarekin jarraitu zuen, MOVE bezalako erakunde iraultzaile isolatuei ahotsa emanez eta «Ahots gabekoen ahotsa» goitizena bereganatuz.

Horrela, 1981eko abenduko egun hartan, instituzio arrazisten muntaia polizialen biktima izan zen Mumia. Filadelfiako polizia zuri baten erailketa leporatuz, arrazakeriaz betetako epaiketa fartsa batekin heriotza zigorra ezarri zioten. Aitzitik, nazioarteko elkartasun mobilizazioen eraginez bi exekuzio data eta, azkenik, heriotza zigorra bera indargabetuak izan dira.

Mumia kausa iraultzaile askoren ikur bihurtu da. Bost mende iraun duen zapalkuntza eta gerra sozialaren kontzientzia politiko beltza piztuz egin du lan, bostehun urteotako inperialismoaren etenik gabeko esklabotza azaleratuz, instituzio okzidentalisten hipokrisia salatuz.

Isilarazi nahian, giltzapean sartu zuten. Heriotzaren korridoreko isolamendua ezagutu du, espetxe egoerak segundoz segundo arima nola mintzen duen eta egunez egun pertsona nola degradatzen duen ikusi du. Era horretan, kartzelaren aurkako bere diskurtsoekin, espetxeen aurkako ikur ere badugu.

Horregatik guztiagatik erail nahi izan dute; sistema politiko eta judizialak zilegitasunik gabeko neurri ilegalak erabili izan ditu Mumia Abu-Jamal kondenatu eta hiltzeko; Malcolm X eta Martin Luther Kingen garaian herri afroamerikarraren askapenaren aldeko borroketan murgiltzen zen Black Panther ohia deuseztatzeko, zapalduen bozgorailua zen kazetari kritikoa desagerrarazteko.

Alabaina, ez du etsi, eta lan politiko horretan guztian dihardu bere asteroko irratsaio eta zutabeetan. Erresistentzia globalaren ikur antikapitalista bihurtu dute. Baina kontuan izan behar dugu ez dela espetxearen injustizia pairatzen duen preso politiko bakarra; Ameriketako Indioen Mugimenduko militantea den Leonard Peltier ekintzaileak 2012ko urtarrilean 35 urte beteko ditu AEBetako bizi osoko zigorrean; eta Estatu espainiarrean sakabanaturik dauden euskal preso politikoen eskubideen etengabeko urraketak zein bizi osoko zigorrak ere hor dira.

Euskal Herritik, munduan zehar zabaltzen ari den Mumiaren aldeko kanpainarekin bat egin dugu Euskal Herriko Mumiaren Lagunok. 30. urteurren makabro honen eta itxurakeriaz beteriko Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, Mumiari elkartasuna helarazi nahi izan diogu kasuari buruzko «In prison my whole life» dokumentalaren proiekzio globala burutuz Euskal Herriko hainbat txokotan, eta Bilbon elkarretaratzea eta Mumia Abu-Jamal Zubia delako izenpetze sinbolikoa eginez.

Egun, Mumiak bizi osoko zigorra pairatzen du, heriotza motelaren zigorra. Askatasunerako gelditzen zaion itxaropena epaiketa berri eta inpartziala izango litzateke; bere errugabetasuna demostratu eta Ameriketako Estatu Batuetako elite politikoa eta Filadelfiako Poliziaren sindikatu arrazistak akusatuen aulkian eserarazi ahalko lituzke.

Malcolm Xren ideiek bizirik diraute gure herri borroketan, eta amodioaren eta gorrotoaren arteko lehia Mumiaren egunerokotasunean islatzen da. Amaitzeko, Mumiaren hitz batzuk gure egingo ditugu: «Aukera, aukera oro bezala, zurea da: askatasunarengatik borrokatu ala espetxeratua izan, askatasunarengatik borroka egin ala esklabotza onartu, bizitzaren alde ala heriotzaren alde egon. Zabal ezazu luze eta urrun bizitzaren aldeko hitza. Mintza zakizkie zure lagunei, irakurri eta ireki zure begiak. Baita atzo begiratu nahi izan ez zenuen ateetara ere. Ireki zure bihotza egiari».

No comments yet

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: